cast iron

1. Metal.

Burdinaz eta karbonoz eratutako aleazioa (beste osagai batzuk ere izan ditzake, bereziki silizioa), karbono-edukia % 2 eta % 4ren artean duena eta zuzenean egoera likidotik moldatzen dena.

1. Metal.
Burdinaz eta karbonoz eratutako aleazioa (beste osagai batzuk ere izan ditzake, bereziki silizioa), karbono-edukia % 2 eta % 4ren artean duena eta zuzenean egoera likidotik moldatzen dena.

Burdinurtua Edit

Egilea: Jose Maria Rodriguez Ibabe

BURDINURTUA

Burdinurtu batean dagoen karbono baliokideak, KB, burdinurtu grisak —non mikroegitura grafito duen— eta burdinurtu zuriak —non karbonoa nagusiki zementita osatuz dagoen— bereizteko balio du. Karbono baliokidea kalkulatzeko, karbonoaz gain, aleazioan dagoen silizio- eta fosforo-edukiak kontuan hartu behar dira:

KB = % C + (% Si+% P) / 3

Hozte handiek eta karbono baliokide baxuek burdinurtu zurien sorrera bultzatzen dute; hozte mantsoak eta karbono baliokidearen kantitate handiak, aldiz, burdinurtu grisak lortzeko erabiltzen dira.

Giro-tenperaturan, burdinurtu zurien mikroegituraren osagaiak ferrita eta zementita dira nagusiki. Aleazio horiek gogorrak eta hauskorrak dira, eta mekanizagarritasun apala erakusten dute.

Burdinurtu grisak, aldiz, bigunagoak eta harikorragoak dira. Horretarako, mikroegituraren osagaiak hauek dira: grafito orritsuak eta transformatutako austenitaz eta zementitaz osatutako matrizea. Aleazioaren konposizio kimikoaren eta hozte-abiaduraren arabera, austenita hoztean hainbat osagaitan transforma daiteke, eta zenbait burdinurtu-mota osa ditzake: burdinurtu perlitikoa, ferritikoa edo ferrito/perlitikoa.

Grafito-orriak agertzen direnez, burdinurtu horien trakzio-erresistentzia eta harikortasuna apalak dira. Bestalde, konpresioarekiko duten portaera askoz hobea da. Gainera, higadurarekiko portaera oso ona dute, eta bibrazioak moteltzeko material egokiak dira.

Grafitoaren hauspeatzea, era orritsuan izan ordez, era esferadun edo nodularrean izatea lor daiteke. Horretarako, sufrea kendu behar da burdinurtutik eta, ondoren, magnesioa edo zerioa gehitu. Aleazio horiek burdinurtu nodular izenarekin ezagutzen dira. Grafitoaren geometria nodularrari esker, zailtasuna eta harikortasuna oso onak izaten dira. Talde horren barnean daude azken urteotan automobilgintzan ospe handia hartu duten ADI burdinurtuak. Burdinurtu horiei austempering izeneko tratamendu termikoa aplikatzen zaie matrize bainitikoa lortzeko. Horri esker, propietate mekaniko egokiak dituzte, neke-portaera eta zailtasuna nagusiki, automobilaren zenbait piezetan aplikagarriak izateko.